Systemic mahai-jokoaren 1. saioa

Aurreko ostegunean, otsailak 8, Systemic mahai-jokoaren lehendabiziko partida jokatu genuen. Systemic jokoa erabaki politikoak hartzeaz arduratzen diren erakundeen simulazioan datza. Hau da, legegile, teknikari eta biztanleen azalean jartzeko rol-jokoa da. Honi esker, gaur egungo sistema administratiboen funtzionamendua ulertzeko aukera dugu, eta era berean, ikuspegi zabala eskaintzen duenez, sistema-politikoaren erroan dauden egiturei buruzko hausnarketa sustatzen du. Gainera, jokoaren orokortasuna dela eta, neurri politiko-legalak hartu behar dituen edozein erakunderi baliagarria gerta dakioke. Esaterako, guk unibertsitatea hartu genuen abiapuntu.

Egun berezia zenez, zortzi kidez osatutako talde heterogeneo ederra bildu ginen: AKTIBA-ITko kide diren unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, doktoratu aurreko bekadunak, bigarren hezkuntzako irakasle bat eta Ikasiker lankidetza-bekaren onuradunak. Denok unibertsitatea ondo ezagutzen dugu, baina modu askotarikoetan harremantzen gara berarekin. Horiek horrela, erronka polita izan zen rol desberdinetatik aritzea eta guztion artean gustoko genukeen unibertsitatea gauzatzen saiatzea. Lau orduz jokatu eta gero, lehen saiakera honetan, argi geratu zitzaigun irakaspena honako hau da: Mahai-jokoak iradokitzaileak bezain filosofikoak izan daitezke!

Interesa baduzu, jokoaren ezaugarri batzuk azaldu ditugu hemen: