Gandiagaren “Hiru gizon bakarka”k 50 urte

Bitoriano Gandiagak 1974an argitaratu zuen “Hiru gizon bakarka” eta efemeridea une egokia izango da euskal kulturan funtsezkoa den baina Arantzazutik kanpo oso ezaguna ez den e(ra)gile baten lana berreskuratzeko.

Hori dela eta, taldekide batzuk prototipo malgua eta elebiduna (eu|es, eu|en) sortzen ari gara. Bi helburu ditugu: Gandiaga eta bere ingurunea (Arantzazuko giza eta natura ondarea) hobeto ezagutzea, eta aktibazio pertsonal eta komunitarioko prozesuetan laguntzea.

Prototipoa oso gauza sinplean datza: talde paseo bat. Baina bertan Gandiagaren hitzak entzungo ditugu, Arantzazuko bere bizitzako istorioak partekatuko ditugu, zeharkatzen zuen paisaian murgilduko gara eta guzti horrek gure esperientzia, inspirazio-iturriak, baliabideak eta proiektuak aberasteko eragingo digu.

Ahalik eta inklusibotasun handiena bilatuz, esperientzia bi formatutan bizi daiteke. Lehenengoa 2-3 orduko ibilaldia da, zailtasun ertainekoa, “barrankoan” eta Artasoko basoan barrena. Gandiagak bere liburuaren atal oso bat eskaini zion leku horri. Bigarrena, berriz, basilikaren inguruko 1-2 orduko ibilaldia da, guztiz irisgarria eta zailtasunik gabea. Gandiaga Topagunetik abiatuta, Gomistegiko bidera, Misteriora, Goiko Bentara eta Sindikara igaroko gara.

Pasealekua 5 geralekutan egituratuta dago, eta bertan leku bakoitzarekin lotutako “Hiru gizon bakarka”ko pasarteak irakurri eta interpretatuko ditugu, elkarlanean. Aukeran, zuzeneko musika sar daiteke bi formatuetan.

Dagoeneko probaren bat egin dugu (argazkian, atzo Artason formatu luzea probatuz) eta lehen deialdia laster iragartzea espero dugu.