Abenduaren 16an, Euskal pentsamenduaren Ur-jauzia II kongresuan, AKTIBA ikerketa taldeak garatutako Arantzazu bera rol-joko narratiboaren prototipoa aurkeztuko dute Antonio Casadok eta Pello Gutierrezek, Joxe Azurmendi Katedrarekin eta Rolariak Elkartearekin elkarlanean.
Arantzazu bera Everest Pipkinen The Ground Itself RPG (role playing game)ean oinarritutako sorkuntza kolektiboko esperimentua da. Jokalariek Arantzazuko paisaian barrena bidaiatuko dute, iraganetik etorkizunera, 1500. urtetik 2100. urtera. Karten, galderen eta irudimenaren bidez, leku horretako istorioak sortuko dituzte, naturaren, kulturaren, espiritualtasunaren eta giza jardueraren arteko harremanak esploratuz.
Jolasaren abiapuntuan Joxe Azurmendik eta Bitoriano Gandiagak Arantzazuri buruz egindako gogoetak daude. Haien ikuspegitik, paisaiak memoria dauka, eta belaunaldi bakoitzak bere aztarnak uzten ditu bertan. Jolasaren bidez, aztarna horiek berrinterpretatu eta etorkizun posibleak irudikatu nahi ditugu.
Proiektua garapen fasean dago, eta jokoaren alfa bertsioa deskargatzeko eskuragarri dago jada. Probatzera eta zuen istorioak sortzera gonbidatzen zaituztegu!

