2022-2023 ikasturteari agur

Urteroko legez, irakasleon eta ikertzaileon ikasturtea bukatu da. Modu onean bukatu ere, Aktiba-IT taldeko partaideok elkar ikusi dugu aurtengo nondik norakoak elkarrekin partekatzeko.

Diziplina arteko ikertaldea gara: juristaren bat, antropologoak, ekonomialariak, psikologoak, hezkuntza-zientzietakoak eta, nola ez, filosofo sorta zabala. Ikasketez eta ezagutzez gain, badira kudeaketan murgildutako kideak. Ikertaldea, beraz, alor askotara iristeko gai dela ikusi dugu berriz ere.

Eremu zabal horietan asko dira elkar partekatu ditzakegun sinergiak: bekak, deialdiak, esperientziak edota lankidetza-proiektuak. Horregatik, gure eguneroko ikerketa terminoetatik ezin ihes, datorren ikasturterako helburua ikertaldeko gobernantza lankidetzakoagoa, horizontalagoa eta eraginkorragoa izatea finkatu dugu, epe luzerako ikuspegia eta elkar zaintza barneratuta.

Ikasturtea amaitu da, baina urtaldi osoa ez dugu amaitu. Hutsarte txiki bat, eta bagatoz. Uzta jasotzeke baitugu.