Solarpunk ikuspegitik jolasaren bidezko trantsizio kulturala
Proiektu hau Gipuzkoako komunitateen arteko kohesioa eta irudimen kolektiboa lantzeko sortu da, trantsizio ekologiko, sozial eta teknologikoaren inguruko elkarrizketa ludikoak eta esperantzazkoak sustatuz. ARBASO EGUNA ⍜ JOLAS GAUA Gi2030 ikerketa-ekintzaren jarraipena da, eta Kutxa Fundazioaren TRESNA deialdira aurkezten da.
Proiektuak bi osagai bereizezin ditu:
- ARBASO EGUNA
Solarpunk Futures jokoan oinarritutako esperientzia kolektiboa, non parte-hartzaileek “etorkizuneko arbasoen” papera hartzen dute. Taldean, irudikatzen dute nola gainditu zituzten gizateriaren erronka nagusiak —klima-krisia, desberdintasunak edo zaintzaren krisia— eta nola sortu zuten mundu bidezko eta jasangarriago bat. Jolasaren mekanika backcasting logikan oinarritzen da: etorkizun desiragarrietatik abiatuta, orainaldirako bideak eraikitzen dira. ARBASO EGUNA euskaraz eta beste hizkuntzatan egokitu da, Creative Commons (BY-NC-SA) lizentziapean. - JOLAS GAUA
2026an Gipuzkoako hainbat herritan egingo den “game nights” programa pilotua, non hamar joko komertzial eta ARBASO EGUNA prototipoa konbinatuko diren. Kafetegi, jolas-denda eta kultura-etxeekin elkarlanean, topagune eleanitz eta inklusiboak sortuko dira, hizkuntzak, sormena eta komunitatea uztartuz.
Jolasa ez da hemen helburu, tresna baizik: hizkuntza-aniztasuna, emozioa eta ekintza uztartzen dituen esperientzia gisa ulertzen da, esperantza erradikala pizteko. Proiektuaren funtsezko balioa da jolasaren bidez komunitate eleanitzak eta jasangarriak aktibatzea, eta belaunaldi ezberdinen arteko loturak sendotzea.
📹 Bideo berriak
Azken asteotan bi bideo labur grabatu ditugu:
- Lehena, jolasaren mekanika eta haren eraldaketa azaltzen ditu, Solarpunk Futures jolasaren euskal bertsioa nola egokitzen eta berrasmatzen ari garen erakutsiz.
- Bigarrena, proiektuaren azalpen orokorra eskaintzen du: nola uztartzen diren ikerketa, artea eta komunitatearen parte-hartzea trantsizio kultural eta ekologikoaren aldeko dinamika batean.
Proiektuaren garapenean parte hartzen dute, besteak beste, EHUko AKTIBA ikerketa-taldeak, IKERTZE eta BOOKTEGI elkarteek, JAKIN Fundazioak, Tabakalerako Medialab-ek, eta EMAÚS Fundazioak.
Helburua da esperientzia eraldatzaile eta erreplikagarri bat sortzea, Gipuzkoako herrietan hizkuntza eta kultura-aniztasunaren inguruko aktibazio soziala pizteko.
Irudia: Aerroscape & Lino Zeddies – https://realutopien.info/visuals/, CC BY-SA 4.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=131619744

