Azkenaldian sumatu al duzu demokraziari buruz hitz egiteko modua aldatu dela? Gazteen artean batez ere, baina ez bakarrik haien artean. Badirudi jende askok demokraziaren balioetan sinisten jarraitzen duela, ideal gisa, baina gero eta zalantza gehiago dituela egungo sistemak balio horiek benetan betetzeko duen gaitasunari buruz. Horri deitu diote “ateismo demokratikoa” eta hortaz ikertzen ari gara.
DOT kooperatibak egindako ikerketa batean sortu zen hasieran, Z belaunaldiko gazteek (1997tik 2012ra jaiotakoak, gutxi gorabehera) beraiek erabilitako esamolde batetik abiatuta. DOTen ikerketa gazteen demokraziaren pertzepzioetan sakontzeko izan zen. Bestalde, Arantzazulabek gidatutako ikerketa zabalago bat egin da Euskal Autonomia Erkidegoan 2023 eta 2024 artean. Ikerketa horretan gurekin batera Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek hartu dute parte.
Gai hau sakonago ezagutzeko interesa duzu? Entzun dezakezu elkarrizketa hau (gaztelaniaz), NotebookLM izeneko adimen artifizialeko tresnaren bidez sortua. Elkarrizketa honek edukiaren interpretazio gidatua eskaintzen du, eta behean datu batzuk daude aztergaia hobeto ulertzeko.
Ikerketak metodologia kuantitatiboa (2.173 pertsonari inkesta) eta kualitatiboa (18 eztabaida-talde) konbinatu zituen. Datubase handia da eta oraindik datuak aztertzen ari bagara ere, azaleratu den hipotesi bat partekatu eta kontrastatu nahi dugu: ateismo demokratikoa ez da soilik gazteen kontua EAEn, belaunaldi desberdinetako jendea ere badago horrela. Desafezioa, konfiantza falta… zeharkako fenomenoa da.
Jakina, ez da modu berean agertzen. Gazteek (18-29 urte) demokrazia nahiago dute beste ezer baino (%82,7), baina aldi berean indiferentzia (%26,4) eta mesfidantza (%13,8) handia dute. Politikan eragiteko gaitasun gutxi dutela sentitzen dute. Haiengan nabarmentzen da gehien “parte hartze transakzionala” deitu dugun fenomenoa. Hau da, parte hartzen dute edo sistema baloratzen dute zerbait lortzen dutenean, emaitza zehatzak (etxebizitza, lana, zerbitzuak) ematen dituenean.
Helduagoek (30 urtetik gora) demokraziarekiko konpromiso egonkorragoa erakusten dute (%48,49tik gora), oroimen historikoagatik ere (Francoren diktadura), horrek atxikimendu afektibo handiagoa ematen baitie sistemarekiko. Baina haiengan ere aurkitu dira desafezio arrastoak. Frustrazioa sistemaren geldotasunarekin, mesfidantza politikariekiko, emozio negatiboak (nekadura, haserre) eta balio kolektiboen galera hautematen dituzte. Haien ustez ere, justizia ez da berdin funtzionatzen denentzat.
Beraz, bai, adin guztietan dago desafezio moduko bat. Gazteengan agian agerpen gehiagorekin (indiferentzia, deskonfiantza), baina helduengan ere kritika estrukturala nabarmena da. Denek dute nolabaiteko “fe gutxitua sisteman”, ordezkaritza krisia ikusten dute eta justiziarekin deskonexioa.
Ikerketak iradokitzen duenez, honek guztiak esan nahi du demokrazia ulertzeko modua aldatzen ari dela. Orain, sistema balio praktikoaren arabera neurtzen da. Parte hartzen da, baldin eta itzulera bat badago, utilitate bat hautematen bada. Horrek tentsioa sortzen du, legitimitatea baldintzapean jartzen duelako, sistemaren errendimenduaren araberako bihurtuz. Gainera, botererik eza, frustrazioa eta deskonexioa bezalako sentimenduek ondoeza psikosoziala sor dezakete.
Zer egin orduan? Gure taldean uste dugu demokraziaren legitimitatea berreraiki behar dela, herritarrek parte hartzeko bide esanguratsuak sortuz, erakundeak gardenago eta etikoago bihurtuz, eta oinarrizko eskubideak bermatuz (etxebizitza, lana…). Aldi berean, politika humanizatu behar da, politikarien eta herritarren arteko distantzia murriztuz.
Eta zuk, zer uste duzu ikerketa honetaz? Hitz egin dezagun! (Postaz: antonio [puntu] casado [abildua] ehu [puntu] eus).