Filosofiak norbera, gizartea eta gure lekua unibertsoan ulertzeaz dihardu, baina ez da eginkizun teorikoa bakarrik. Praktikoa ere bada, eta elkarbizitzarako zein ekintzarako lagungarria izan beharko luke. Ulertzeaz gain, mundua eraldatzeko ere balio du. Autoikaskuntzara bideratutako OpenCourseWare prestakuntza honen helburua da justizia eta giza eskubideen ulermenean sakontzea, egungo erronkei dagokienez. 7 unitatetan zehar, gizarte eraldaketaren atzean dauden kontzeptu, prozesu eta indar nagusiei buruz ikasiko dugu, 21. mendeko gatazkak hobeto ulertze aldera.
Hemen sakatu prestakuntzara joateko.
Jorratuko ditugun gaiak interes orokorrekoak dira: gerra kolonizatzaileak, gatazka kulturalak, trantsizio ekosoziala, erresistentzia eta gizarte mugimenduak, demokrazia komunalaren iraupena, demokrazia liberalaren krisia, gobernantza modu berriak… gizarte berrikuntzarako baliabideak eta gogoetak aktibatzeko asmoz. Euskal eta nazioarteko filosofoen ikuspuntutik benetako kasu bat aztertuko dugu, AEBetako Standing Rock-en oraindik ere gertatzen ari dena, eta ondorio globalak dituena. Azterketa ez da soilik akademiko edo zientifikoa izango; mundu mailan erabiltzen den aldaketarako metodologia bat erabiliz —U teoria deritzona—, norberaren esperientziara eta gorputzera eramango dugu gaia.
Nori zuzendua dago? Interesa duen edonorentzat: ikastaroak ez du aurrebaldintzarik. Komeni da 19. eta 20. mendeko justizia teorien ezaugarri nagusiak ezagutzea (Marx, Rawls,…) baina ez da beharrezkoa.