AKTIBA: Praktikak, Ikaskuntzak eta Balioak ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzaren aitorpena eta finantzaketa lortu ditu, Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeei laguntzeko 2026-2029 deialdian (IT1985-26). Humanitateen eta Gizarte Zientzien arloetako 13 doktorek osatutako taldearentzat, albiste garrantzitsua da: datozen lau urteetan gure ikerketa-helburuak garatzeko eta elkarlana sendotzeko beharrezko baliabideak izango ditugu.
Aitorpen honek azken urteetan egindako lana balioesten du. Ebaluazio-txostenak bereziki nabarmentzen ditu gure ekoizpen zientifikoaren kalitatea eta nazioarteko oihartzuna, argitalpenen kopurua eta kalitatea, baita ikertzaileak prestatzeko dugun gaitasuna ere. Gure artikuluen erdiak baino gehiago eragin handiko aldizkari zientifikoetan argitaratu dira, eta liburuak eta kapituluak estatuko zein nazioarteko argitaletxe entzutetsuetan.
Prestakuntzaren alorrean ere ibilbide sendoa dugu. 2020-2025 aldian, taldeari lotutako hainbat doktorego aurreko kontratu eta bi doktorego osteko kontratu lortu dira. Taldekideek EHUko hiru master ofizialetan eta bi doktorego-programatan parte hartzen dute, baita beste unibertsitate batzuetako prestakuntza-jardueretan ere. Ikerketa-proiektu lehiakorretan, Europako lankidetzan eta ezagutzaren transferentzian egindako lana ere aitortu da.
AKTIBAren indarguneetako bat diziplinen eta ikuspegien aniztasuna da. Zaintzaren etika, filosofia politikoa eta juridikoa, filosofia morala eta estetika, eleaniztasuna eta filosofia praktikoa lantzen ditugu, tradizio klasikoetatik gaur egungo erronketaraino. Gure asmoa da ikerketa filosofikoa gizartearen arazo eta eztabaidekin lotzea, bereziki gobernantza kolaboratiboaren, diseinuan, erantzukizunaren, ikaskuntzaren eta herritarren parte-hartzearen inguruan.
Ebaluazioak, aldi berean, hobetzeko erronkak erakutsi dizkigu. Besteak beste, doktorego-tesien emaitzak indartu behar ditugu, ikerketa-proiektu berrietan lidergo handiagoa lortu, bost ikerketa-ildoen arteko loturak sendotu eta gure lanaren eragin soziala hobeto erakutsi. Helburuak, metodologiak eta lan-plangintza zehaztasun handiagoz artikulatzea ere ezinbestekoa izango da. Ikerketa-talde anitza izatea aberasgarria da, baina aniztasun horrek benetako elkarlana eta emaitza partekatuak sortzea nahi dugu.
Etapa berri honetan, Elizabeth Pérez Izagirrek hartu du taldearen ikertzaile nagusiaren ardura, belaunaldi-erreleboari eta taldearen jarraipenari bultzada emanez. Ebaluazioak bere ibilbide akademiko sendoa, nazioarteko esperientzia eta lidergorako gaitasuna nabarmendu ditu.
Finantzaketa honek egonkortasuna ematen digu lau urterako, baita gure jarduera zientifikoa, prestakuntza eta gizartearekiko lankidetza hobetzeko aukera ere. Orain erronka da aitortza hori gizartearentzat baliagarriak izango diren praktiketan gauzatzea.
Eskerrik asko Eusko Jaurlaritzari, eta urte hauetan AKTIBArekin ikertu, ikasi eta elkarlanean aritu zareten guztioi. Etapa berri bati ekingo diogu.

